XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hizkuntz eskakizun bakoitzak bere ezarpen-data izango du, beti ere honako hau gogoan izanik: hizkuntz eredua, jakintzagaia, hizkuntz ereduen bihar-etziko garapena eta hizkuntz ereduen arteko bizikidetasuna.

- Sarbidea.

Era berean, irakaslegoaren euskalduntzea amaigabeko kontua izan ez dadin, sarbideari mugak jartzearen aldeko apostua egin nahi du EAJk.

Horrela, aurrerantzean hezkuntz sisteman sartuko diren irakasle berriek ezinbestean euskararen jabe izan beharko dute.

Hezkuntz sistema osoan diogu eta ez jabego publikoan bakarrik.

- Ikasmaterialgintza.

Irakaslegoaren trebakuntza eta gaikuntza, bestalde, alperrekoa izango da eguneroko eskola ihardunean erabili beharreko lan-tresnak ugariak, atseginak eta erakargarriak ez badira.

Hori dela eta, euskal ikasmaterialgintza sustatu asmoz aspaldi indarrean jarritako EIMA programari berarizko bultzada ematearen alde agertu nahi du EAJk.

Bultzada hori behar-beharrezkoa da berandu baino lehen izango dugun eraldatzeari artez eta moldez heldu nahi badiogu, eta zeresanik ez, gaur arte ikasliburu kontuetan urri samar dabilen unibertsitate arloan.

- Eskola-lanaren osagarriak.

Era berean, klase emankizunetan euskara erabiltzea eragin gutxikoa izango da, eskolaz kanpoko giroa erdalduna bada.

Guzti honi aurre egiteko, besteak beste, eskola-lanaren osagarrien sustatzeari ekin nahi diogu (bertsolaritza, antzerkigintza, kantagintza, kirolak, e.a.).

- Unibertsitatea.

Irakasmaila ez unibertsitarietan eginahalak egin arren, ezer gutxirako izango da guzti hori, bere heziketa unibertsitarioa euskaraz jarraitzeko aukera ez duen ikaslearen kasua suertatuz gero.

Eta suertatu, suertatu zaigu, zoritxarrez azken urteotan.

Unibertsitate-ikasketak euskalduntzeko saioren bat edo beste egin dela ezin dugu ukatu.

Baina oraindik bada zer euskaldundu.